05. Ohiko galderak

Gaztelania | Euskara
Zein da Arangureneko Plan Estrategikoaren helburua?
Xedea da Arangurenek azken hamarkadetan bizi izan duen egoera aldatzea eta bizitzeko, lan egiteko eta inbertitzeko erakargarriago egitea. Horretarako, hainbat gauza egingo dira: batetik, trenbide-pasaguneak kenduko dira; bestetik, Aranguren eremua T100eko uholde-arriskua duen eremutik atera nahi da; azkenik, eremua biziberrituko da, enplegua eta etxebizitza- eta merkataritza-eremu berriak sortuz.

Zeintzuk dira epeak? Zein izango da egingo den lehen lana?
Lehen jarduera ikusgarria Arangurenen bulebar berri bat gauzatzea izango da. Bide bat egingo da San Juan auzoaren eta Eroskiko biribilgunearen artean.

Eta ondoren?
Biribilgunearen eta Arangurenen arteko lotura berria egin ostean, bi trenbide-lineak bateratzeari ekingo zaio; hartara, gaur egun Arangurenen erditik igarotzen den Bilbao‑Balmaseda linearen ibilbidea kenduko da. Hori horrela, sei trenbide-pasagune kenduko dira. Aldi berean, beste hiru trenbide-pasagune kentzea aurreikusten da eta gainerakoetan itxarote-denborak murriztea.

Zer ondorio izango dituzte ekintza horiek?
Bilbao-Balmaseda linearen bideak kentzearen ondorioz, geralekua ibilbide berrira egokitu beharko da; hortaz, Autonomia plaza berritxuratuko da eta handiagoa egingo da. Itxura berri horrek egungo plazaren jatorrizko funtsari eutsiko dio.

Ekipamendu berriak eraikiko al dira?
Bai, aldirietako aparkaleku bat eta hezkuntzaren/osasunaren arloko zerbitzu publikoak eraikiko dira, baita parke handi bat ere Kadagua ibaiaren inguruan.

Zeintzuk izango dira uholde-arriskua murrizteko neurriak?
Obra hidraulikoak Arangurenerako aurreikusitako gainerako ekintzekin batera egingo dira. Hori horrela, Oreñako etena egingo da, paper-fabrikako presa kenduko da eta Oxibarko etena gauzatuko da. Gainera, ibaiertzak egokituko dira Aranguren parean.

Arangureneko zatiak bukatutakoan, karteletako eta informazioetako irudietan agertzen diren eraikinak eta fatxadak izango al dituzte?
Ez, espazio publikoen infografietako irudiak orientagarriak dira.

Betetzen al dituzte lanok iraunkortasun-estandarrak?
Bai, dagozkien ingurumen-txostenak aintzat hartuta egin dira.

Zein ondorio izango dituzte bertako jarduera ekonomikoek? (zerrategia, hipika, tailerrak)
Batzuk lurzoru urbanizaezinean kokatuta daude eta urbanizagarri bezala klasifikatuta egotera pasatuko dira, ondorengo garapenerako. Jarduerentzat, beste leku bat bilatuko litzateke. Jardueren jabeak hiri-garapenean parte hartuko dute.

Plan Estrategiko honek, zein eraikin berri proposatzen ditu?
Erabilera publikoko eraikin bat (hezkuntza edo osasuna), hirugarren sektoreko eraikin bat geraleku berriarekin erlazionatuta, estalitako espazio publiko libre bat plazan, lau etxebizitza-eraikin eta komertzio-gune bat hiru eraikinekin. Plan Estrategikoak, era berean, 1998ko Arau Subsidiarioetan agertzen diren ereduak bildu eta berrantolatu egiten ditu.

Mendialde eta Txabarri auzoen inguruko aurreikuspenak
Arangurengo trenbide-pasaguneetarako neurri azkarrena eta errazena itxarote-denborak murriztea da; horretarako, Ingeniarien Elkargoak Udalaren enkarguz eginiko azterlanean proposatutako neurriak hartuko dira (ikusi Ingeniarien Eskolaren azterketa eta udal arkitektoaren txostenaren laburpena). Udalak hobekuntza horiek egiteko laguntza eskainiko dio Adif-i, eta, horiei esker, gehieneko itxarote-denborak 1,5 minutukoak izango dira bidaiarien trenetarako eta 2 minutukoak merkantzia-trenetarako. Denbora horiek oraingoak baino askoz ere laburragoak dira; izan ere, gaur egun 5 minutu itxaron behar dira bidaiarien tren bat pasatzeko, eta 9 minutu merkantzia-trenetarako.
Ondoren, Aranguren eta Casa Pinta arteko trenbide-zatia eta horietako trenbide-pasaguneak kentzen direnean, trafikoa areagotu egingo da Santanderko zatitik. Horren ondorioz, Mendialdera sartzeko trenbide-pasaguneko barrera denbora pixka bat gehiago egongo da jaitsita aste barruan, baina gutxiago asteburuetan.
Hori dela eta, Porróngo trenbide-pasagunea ere kentzea proposatzen da, leku horretan errepidea lurperatuz. Hala, Mendialdera Torre Maruri kaletik heltzeko aukera egongo da, trenbide-pasagunerik igaro gabe. Proposamena osatzeko, “Torre Maruri” bidea hobetuko da; hain zuzen, bi noranzko jarriko dira eta anbulantziak edo suhiltzaileen kamioiak bertatik igarotzeko adinako zabalera emango zaio. Horrez gain, 3 seinale-puntu jarriko dira, auzora sartzen edo bertatik irteten diren ibilgailuek erabaki dezaten trenbide-pasagunetik igaro edo hori inguratu (itxaron behar ez izateko), beheko grafikoan ikus daitekeen moduan.
Azken batean, une honetan Arangurengo zonalde honetako herritarrek Trabajadores etorbidera ematen duen trenbide- pasagunea igaro behar dute, eta gero hiru hauetako bat: Casa Pintakoa (Mimetizera joateko), Porróngoa (Gueñesera joateko) edo geralekukoa (Inmaculadara iristeko). Aldaketa hauekin trenbide- pasagune horietako bi desagertu egingo dira, eta trenbide-pasagune bakar batean ere itxaron behar ez izateko aukera egongo da, geratuko den pasagunea inguratzeko buelta txiki bat emanez. Gainera, geratuko den trenbide-pasaguneko itxarote-denborak askoz ere laburragoak izango dira.

puntu berdeak: langak jaitsita daudelaren seinalizazioa
lerro urdinak: trenbide-pasagunerik gabeko ibilbidea