01. Zer da Hiri antolamendurako plan nagusia?

Gaztelania | Euskera
Hiri Antolamendurako Plan Nagusia (HAPN)

Hiri Antolamendurako Plan Nagusia (HAPN) plangintza orokorrerako tresna bat da, lurraldea antolatzeko balio duena. Horren bidez, lurzorua sailkatu egiten da (hiri-lurzorua, landa-lurzorua, hirikoa ez dena...), lurzoru-mota bakoitzean aplikatzekoa den araubidea zehazten da, eta horietarako beharrezkoak diren ekipamenduak eta lurzoruaren erreserba definitzen dira.

Hiri-antolamendurako, beharrezkoa da ondo ezagutzea ingurune fisikoa, soziala eta ekonomikoa; horretarako, aztertu egiten dira soziologiaren, ingurumenaren, ingeniaritzaren eta arkitekturaren metodoak. Hori dela eta, plana diziplina askotako taldeak idatzi du, hain zuzen: arkitektoek, legelariek, ingeniariek, soziologoek eta ingurumen-adituek.

HAPN egiteko, udal-agintariez gain, udalaz gaindiko beste erakunde batzuek ere parte hartzen dute, besteak beste: Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak (Ingurumena Saila) eta hidrografia-arloko (ibaiak, lur azpiko urak) erakunde eskudunek. Zallaren kasuan, Cuenca Hidrográfica del Nortek eta URAk gauzatzen dute. Horiek guztiek dagozkien txostenak igorri behar dituzte, eta txosten horiek eragina dute planean. Erakunde horiek ez ezik, herritarrek ere parte hartzen dute planean, hala Aholkularitza Batzordearen bitartez nola Zallako Udalak parte-hartzeko planerako ezarritako mekanismoen bidez.

HAPNen esku hartzen duten erakundeez gain, kontuan hartzekoak dira hirigintza-tramitaziorako epeak; izan ere, onespen denak aldizkarian argitaratu behar dira.

HAPN honako fase hauetan bereizten da:

Hasiera: fase honetan, prozesuaren hasierari buruzko informazioa ematen zaie agintariei eta herritarrei. Aholkularitza Batzordea eratzen da, eta beronen araudia sortzen da, Udalbatza Osoak onetsi ondoren. Gainera, parte hartzeko mekanismoak zehazten dira; mekanismo horiek Udalbatza Osoak onetsi behar ditu, eta Aholkularitza Batzordeak oniritzia eman behar die.

Planaren aurrerapena: Ingurumen-organo eskudunak informazioa emandakoan hasten da fase hau. Plan Nagusiaren aurrerapena idatziz jasotzen da, eta hauek zehazten dira: hirigintza-bilakaeraren estrategia, lurzorua okupatzea, ingurumena babesteko jarraibideak eta ekipamenduetarako jarraibideak. Dokumentu hori Udaleko hirigintza-organoari,

Aholkularitza Batzordeari eta herritarrei aurkezten zaie (proiektua azaltzeko saioen bidez). Jendaurrean ikusgai egoteko aldian, epea irekitzen da alegazioak aurkezteko eta Parte-hartze Planean ezarritako parte hartzeko mekanismoak erabiltzeko (dibulgazioa, galdeketak, etab.).

Plan Nagusia idazteko fasea: dokumentu bat osatzen da, antolamenduaren informazio- eta justifikazio-memoria jasoko duena. Dokumentu hori Udalak eta Aholkularitza Batzordeak aztertzen dute. Gero, hasieran Udalak onetsi behar du, eta oniritzia eman behar diote Eusko Jaurlaritzako Ingurumena Sailak eta Uraren Euskal Agentziak. Ondoren, jendaurrean ikusgai jartzen da, eta alegazioen inguruan ebatzi ostean, behin betiko onesten da.

Nahiz eta Udalari dagokion HAPN onestea, arloko organismo eskudunek, Aholkularitza Batzordeak eta herritarrek ere parte hartzen dute prozesuan. Askotariko parte-hartze horren eraginez, prozesuak gehiago irauten du. Aholkularitza Batzordea herritarren partaidetzarako tresna da, eta helburu du tokiko erakundearekin elkarlanean aritzea, hirigintzaren egitura antolatzeko tresna nagusiak –eta, zehatzago esanda, Plan Nagusian jasotzen diren zehaztapenak, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak xedatzen duenarekin bat etorriz– aurkezteko eta onartzeko.

Zallako HAPNren fase guztietan parte hartzen dute herritarrek, Aholkularitza Batzordean, udal-elkarteen bidez. Horrez gain, plan berezi bat du, herritarrek jardueretan indibidualki parte har dezaten, Legeak ezarritakoaz harago (Parte-hartze Planean jasoko dira).

Orain, HAPN planaren aurrerapena idazteko fasean dago; Aholkularitza Batzordearen araudia onetsi da, eta osatzeko dago, ondoren parte-hartzeko plana onesteko.