Zerbitzuak‎ > ‎Ingurumena‎ > ‎

08. Fracking

Gaztelania | Euskara
Fracking terminoa ingelesetik dator; gas ez-konbentzionala ustiatzeko haustura hidraulikoaren teknikari egiten dio erreferentzia. Hauxe da, zehazki: gas naturala ateratzea, ama-harria hautsita (arbelak eta eskistoak). Harri barruko gasa ateratzeko, zulatze mistoaren teknika erabiltzen da: lehenik, 5.000 metrora bitartean zulatzen da bertikalean, eta, gero, zenbait kilometro zulatzen dira horizontalean (2tik 5era). Jarraian, ura eta hondarra (% 98), eta gehigarri kimiko batzuk (% 2) injektatzen dira, presio handian. Horren eraginez, harria hautsi egiten da, eta gasa askatu eta azaleratu egiten da, putzuaren bidez. Prozesu horixe bera egiten da gas asko duen harri osoan. Injektaturiko nahasketaren zati bat atzera azaleratzen da (% 15 eta % 85 artean).

2013an, Udalak osoko bilkurara eraman zuen haustura hidraulikoaren aurkako mozio bat, eta aho batez babestu zuten. Otsoaren Taldea tokiko talde ekologistak eta Bizkaiko Fracking Ez plataformak egin zuten proposamena; izan ere, ziotenez, frackingak “kalte konponezinak ekar diezazkioke ingurumenari eta giza osasunari”. Hori dela eta, Zalla “fracking gabeko udalerri” izendatu zen. Aldi berean, Euskal Herriko gizartean gero eta nabarmenagoa egin da teknika polemiko horren kontrako jarrera, herritarrak frackingaren ustiapenaren eta esplorazioaren arriskuez gero eta gehiago jabetuz joan diren heinean. Hori garbi erakusten dute teknika agresibo hori ezartzearen aurkako mobilizazio handiek, frackingaren aurkako gizarte-kolektiboak areagotzeak (Enkarterrin bat sortu berri da, kasurako) eta Eusko Jaurlaritzak eginiko sareko inkestaren emaitzek. Herritarrek zer iritzi duten jakiteko egin zen inkesta, eta gehien-gehienak haustura hidraulikoaren kontra agertu ziren. Orain, gai hau albiste da berriro ere. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak Natura Babesteko Legea aldatzea erabaki du; lege horretan, baina, ez du sartu fracking teknikaren bidez hidrokarburoak esploratzeko eta ustiatzeko berariazko debekurik. Zalla Bai udal-taldea kezkatuta dago zehazgabetasun horren inguruan, eta, horregatik, urriko ezohiko bilkuran proposamena aurkeztu zuen; haustura hidraulikoa erabat baztertzen zuela berretsi zuen, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu zion teknika eztabaidagarri horren inguruko jarrera berrazter zezala eta tramiterako onar zezala “hidrokarburo ez-konbentzionalak ateratzea eta haustura hidraulikoa arautzeko herri-ekimen legegilea”. Era berean, erabaki zuen akordio hori parlamentu autonomikoari eta bertan ordezkaritza duten talde-politikoei helaraztea.

Frackingak nola funtzionatzen duen eta zer-nolako eraginak dituen jakiteko, Gasland eta Gasland II filmak ikustea gomendatzen da.

Intereseko loturak: